Usamos cookies propias y de terceros para mejorar su experiencia como usuario. Al hacer clic en cualquier enlace de este sitio web usted nos está dando su consentimiento para la instalación de las mismas en su navegador.
Más información

Bisita Gaitzazu

Geografia:

Zugarramurdik, Urdazubik, Sarak eta Ainhoak mugaz gaindiko Xareta eskualdea osatzen dute.

Udalerriak Frantzia du muga Iparrean, Baztan eta Urdazubi Ekialdean, eta Baztan Hegoan eta Mendebaldean. Udalerriaren azalera osoa 5,6 Km² da, eta hiri-azalera 67.033 m².

Honako karrikek osatzen dute herriguna: Basaburua, Beitikokarrika, Karrikamakur eta Lapiztegiak.

Natura:

Zugarramurdi bertzeak bertze Arleun, Loiara, Aizparaz, Urbiako Lepoa, Mendibil, Antzuita, Ibañetako lepoa, Atxuria edo Astobizkar mendipean dago, Pirinio atlantikoetan. Paisaian belardien berdea, eta pagadien eta iratzeen berdeak, okreak eta gorriztak ikusiko ditugu. Udazkenean jende anitz bertaratzen da naturak eskaintzen digun ikuspegi zoragarri hori bertatik bertara ikustera.

Zugarramurdik dituen natur baliabideen artetik mundu osoan ezaguna egin duena azpimarratuko dugu, hau da, “Sorginen Leizea”.

“Sorginen Leizea” azaleko gune karstiko ikaragarria da, Zugarramurdiren herrigunetik, mendebalderantz, kilometro erdi eskasera kokatua, zati batean zeharkatzen duen Zugarramurditik Sararako garai bateko bidean. Barrunbe nagusia ur-korronte batek (gaur egun oraindik ere emari handikoa) zulatu zuen, “Infernuko Errota” izenekoak. Barrunbearen ardatza ipar-ekialdetik hego-mendebalera doa, eta 120 metroko luzera du. Ekialdeko muturrak 22 metrotik 26ra bitarteko zabaltasuna du, eta 12 metro inguru irteeran edo mendebaldeko ahoan. Altuera, batez bertze, 10-12 metrokoa da. Multzoak bertze bi galeria ditu, nagusiarekin bat egiten dutenak, altuagoak, eta nagusiaren antzeko orientazioarekin.

Multzo karstiko horren izena bertan, antzina, egiten ziren ospakizun paganoetatik dator. Ospakizun horiek erabili ziren, hain zuzen ere, 1609tik 1614ra bitarteko inkisizio-prozesuan Zugarramurdin sorginkeria egiten zela erakusteko froga nagusi bezala.

Historia:

Bisitari gehienak 1610ean inkisizio-prozesuaren inguruan sortu ziren istorioek eta kondairek erakarrita etortzen dira Zugarramurdira. Zugarramurdiren historiako gertaera izugarri horren jatorria herriko neska gazte baten ametsen kontakizunean dago. Gaztearen erranetan, hegan egin zuen, eta herriko hainbat pertsona Akelarreetan parte hartzen ikusi zituen.

Hasiera batean gertakaria herriko apezak konpondu zuen; honek akusatuei beren kontzientziak garbitzeko eskatu zien. Gerora, ordea, inkisizioak parte hartu zuen, segurki Urdazubiko Monasterioko abadeak deituta. Inkisidoreen parte hartzearen ondorioz, 53 herritar auzipetu zituzten, eta Logroñora eraman zituzten. Horietatik 6 Logroñorako bidean edo espetxeetan hil ziren. 1610eko martxoaren 6an, autofedea egin zen, eta hauxe izan zen ondorioa: atxilotuetatik 21i delitu txikiak leporatu zizkieten, 21ek barkamena jaso zuten, eta 11 sutara kondenatu zituzten (6 bizirik, eta 5en irudia, beren gorpuzkiekin batera). 1610eko martxoaren 7an erre zituzten.

Nafarroan, sorginen afera hau ez zen soilik Zugarramurdin izan. Dokumentuen arabera antzeko gertakariak izan ziren bertze 64 herritan bederen. Hala ere, 1610eko autofede hark Europan izan zuen oihartzunaren ondorioz, “Sorginen herria” deitu izan zaio Zugarramurdiri.

Zugarramurdin eta inguruetan XVII. mendean gertatutakoaren berri emateko asmoz, Nafarroako udalerri honek garai bateko ospitale zaharra berritu egin du. Ospitalea herriaren irteeran dago, leizeetarako bidean, eta bertan Zugarramurdiko Sorginen Museoa paratuko da.

2007ko uztailean inauguratu den museoak memoria historikoa iraunaraziko duen, eta garai hartako jendearen bizimodua nolakoa zen erakutsiko duen lekua izan nahi du. Garai hartako gizarte-egoeraren, sorginenganako benetako izuaren, eta bere agintea nola edo hala inposatu nahi zuen inkisizioaren biktima izan ziren pertsonei, gizon-emakumeei, eskainitako omenaldia izan nahi du. Dolu eta oroimenerako gunea izan nahi du, istorio interesgarriak zorrotz eta aldi berean atsegin eta modu erakargarrian kontatzeko gunea, bere testuinguruan, argi bereziekin eta obskurantismoz beterik. Sorginen inguruan gaur egun arte izan den folklorismoa hautsi asmo du. Bertzelako errealitatea landu nahi du, gertakari sinesgaitzez akusaturik izan ziren, fantasiazko kontakizunetan sartu zituzten, eta azkenik sutan erreak izan ziren gizon-emakume haien errealitatea.

Horren guztiaren gibelean, kondairez eta mitologiaz beteriko mundu zoragarri bat dago. Protagonista nagusiak Mari eta Aker ditugu, festez eta erritu paganoz, eta herri-medikuntzak zuen sustrai luzeez inguraturik.

Florencio Idoatek, Aita Barandiaranek, Julio Caro Barojak, Gustav Heninngsen, Jose Dueso, J. Paul Arzac eta Koro Irazokik, bertzeak bertze, egindako ikerketa-lanak oinarri izan dira bere ondarea babestea eta turismo-baliabideak lantzea bateratzen dituen proiektu honetan.

Artea:

Herriaren sarreran, plazan berean, eliza eta Dutaria etxea daude, biak Dutaria familiak eraikiak. Leizeetarako bidean familia horren beraren bertze ondare bat dago: garai bateko ospitalearen eraikina.

Ibilbidean antzinako etxe ugari ikusten ahal dira; horien artean, duela 400 urte bertan bizi ziren “sorginen” etxeak.

Honako ibilbide hau proposatzen dugu:

  1. Jasokundearen eliza. XVIII. mende-amaierako eraikina, lehen zegoen elizaren leku berean eraikia. Lanak 1784an akitu ziren, baina 1793an eraikinaren zati bat berreraiki behar izan zen Konbentzioaren Gerra zela-eta, armada frantsesaren inbasioan izandako kalteak konpontzeko. Hurrengo berritze-lan aipagarria 1957an egin zen: korua gehitu zitzaion.
  2. Parrokia-etxea. Elizaren ondoan dago, eta fatxada nagusian eraikia izan zen data ageri da: 1725. Tarteko solairuko bi leihoen tartean armarria dago, abade kapeluduna. Armarriak aginte-makila eta ilgora alderantzikatua ditu, Urdazubirekin bat datozen armak.
  3. Dutaria jauregia. Eraikina XVIII. mendeko bigarren zatian eraiki zuten, eta Urdazubiko hainbat etxeren antzekoa da. Lau angelukoa da, eta paretak luzituta ditu. Izkinetan, leihoetan eta balkoietan harri gorriak ditu. Fatxada guztietan argi ageri dira solairuen arteko banaketak, inposta lauen bitartez. Fatxada nagusian erdialdea nabarmendu da; berau gibelerago eraiki da, solairuetako baoen egituraketagatik. Behe-solairuan sarrerako ate zuzena dago, Lehen solairuan balkoia dago, pilastren artean; balkoiak frontoi triangeluar bat du. Bigarren solairuan bertze balkoi bat dago; honek, ordea, frontoi kurbatua du. Atikoan, berriz, leihoa, teilatuaren eskoramenduarekin bat eginda. Lehen solairuko balkoiaren alde banatan bi armarri barroko daude.
  4. Etxenikea etxea. Dutaria jauregiaren ondoan dago. Azpimarratzekoa da etxearen zabalera. Bi solairu eta atikoa ditu, eta teilatua bi isurialdekoa da. Sarrerako atearen buruan hauxe ageri da: ES REDIFICADA EL AÑO DE 1823 (1823an berreraikia).
  5. Dolarea etxea. Herriko plazatik hurbil dago. Herri-arkitekturaren eredu paregabea da. Bertan harrizko armarri bat dago nabarmen, armarriaren buru kasketa eta landare-dekorazioa dituela; bestalde, eremuan herria adierazten duen xake-marrazkiaz gain, Gipuzkoako armak, heraldoa, eskuineko eskuan ezpata duela, hamabi kanoi eta hiru altzifre ageri dira.
  6. Barrenetxea etxea. Beitiko karrikan dago. Balkoi zentralaren gainaldean armarri bat du. Armarriak kasketa du buru, eta armarriaren eremua laukitxotan banatuta dago, eta inskripzio hau du: AÑO DE 1668 (1668. urtea).
  7. Etxeberria etxea. Barrenetxearen aitzinez aitzin dago. Ezaugarri nagusia bere ate zuzena da, bi leihoen tartean. Goiko solairuan lau leiho daude, eta horien tartean armarria dago, xake-marrazkiduna.
  8. Teiletxea etxea. Etxeberria etxetik hurbil dago. Ezaugarri nagusiak bi gorapeak eta alde banatan dituen bi horma-bularrak dira.
  9. Beretxea etxea. Zugarramurdiko arkitektura zibilaren eredurik garbienetakoa. Ezaugarri nagusia fatxada nagusiaren egitura da: hiru maila ditu, eta teilatupea; azken biak zurezko egiturarekin. Behe-solairuan, zutabe zentralaren gainean, gorape bikoitza du. Lehen solairuan lau bao ditu, eta bigarrenean zurezko balkoi jarraitua. Teilatupean ere balkoi bat dago, txikiagoa. Lehen solairuan, erdialdean dauden leihoen tartean armarria du; armarriak kasketa eta aingerutxo bat ditu buru; azken horren saihetsetan haurrak ditu. Eremuan ohiko xake-marrazkia du.
  10. Oieregia etxea. Beretxearen aitzinez aitzin dago. Fatxada asimetrikoa du, eta behealdean gorapea. Lehen solairuko erdialdeko leihoan 1718ko data paratzen du. Teilatua, bi isurialdekoa, luzeagoa da alde batean bertzean baino. Alderik laburrena kontrahorma batera errenditzen da.
  11. Garai bateko ospitalea. 1788ko eraikina, Sor Joaquina de la Cruzen aginduz eraikia. 1793an suak hartu zuen, eta ez zuten berreraiki 1830era arte. Bloke kubikoa da, horma luzituzkoa, eta teilatua lau isurialdekoa. Zugarramurdiko Udalak birgaitu egin du eraikinean sorginkeriari buruzko erakusketa iraunkorra paratzeko. Horrez gain, bertze hainbat zerbitzu paratu dira bertan, bai herritarrei bai bisitariei zuzenduak.

Bestak:

  • Herriko bestak: abuztuaren 14tik 18ra bitartean ospatzen dira, Jasokundeko Andre Mariaren ohoretan.
  • Zikiro jatea: herri-bazkaria. Zugarramurdiko leizean egiten da abuztuaren 18an. Herritar guztiek parte hartzen dute bazkaria prestatzen, bai bertakoendako, baita kanpotarrendako ere.
  • Refeta: bestak igaro eta bigarren igandean zikiro jatea antolatzen da herritarrendako. Zugarramurdiar guztiendako egun berezia da, ezagunak agurtzeko, jateko, edateko eta elkarrekin dantza egiteko baliatzen baitute.

Hizkuntza:

Eskuaraz solasten gara, lapurteraz, Saran, Ainhoan eta Urdazubin bezalaxe.

Gastronomia:

Eskualdean ohikoenak bildoski errea, haratze-txuleta, onddoak eta garaian garaiko perretxikoak dira, baita ehizakiak eta ahatekiak ere. Postreetan, berriz, etxean egindako gasna eta gaztanbera.