Zugarramurdik, Urdazubik, Sarak eta Ainhoak mugaz gaindiko Xareta eskualdea osatzen dute.
Udalerriak Frantzia du muga Iparrean, Baztan eta Urdazubi Ekialdean, eta Baztan Hegoan eta Mendebaldean. Udalerriaren azalera osoa 5,6 Km² da, eta hiri-azalera 67.033 m².
Honako karrikek osatzen dute herriguna: Basaburua, Beitikokarrika, Karrikamakur eta Lapiztegiak.
Zugarramurdi bertzeak bertze Arleun, Loiara, Aizparaz, Urbiako Lepoa, Mendibil, Antzuita, Ibañetako lepoa, Atxuria edo Astobizkar mendipean dago, Pirinio atlantikoetan. Paisaian belardien berdea, eta pagadien eta iratzeen berdeak, okreak eta gorriztak ikusiko ditugu. Udazkenean jende anitz bertaratzen da naturak eskaintzen digun ikuspegi zoragarri hori bertatik bertara ikustera.
Zugarramurdik dituen natur baliabideen artetik mundu osoan ezaguna egin duena azpimarratuko dugu, hau da, "Sorginen Leizea".
"Sorginen Leizea" azaleko gune karstiko ikaragarria da, Zugarramurdiren herrigunetik, mendebalderantz, kilometro erdi eskasera kokatua, zati batean zeharkatzen duen Zugarramurditik Sararako garai bateko bidean. Barrunbe nagusia ur-korronte batek (gaur egun oraindik ere emari handikoa) zulatu zuen, "Infernuko Errota" izenekoak. Barrunbearen ardatza ipar-ekialdetik hego-mendebalera doa, eta 120 metroko luzera du. Ekialdeko muturrak 22 metrotik 26ra bitarteko zabaltasuna du, eta 12 metro inguru irteeran edo mendebaldeko ahoan. Altuera, batez bertze, 10-12 metrokoa da. Multzoak bertze bi galeria ditu, nagusiarekin bat egiten dutenak, altuagoak, eta nagusiaren antzeko orientazioarekin.
Multzo karstiko horren izena bertan, antzina, egiten ziren ospakizun paganoetatik dator. Ospakizun horiek erabili ziren, hain zuzen ere, 1609tik 1614ra bitarteko inkisizio-prozesuan Zugarramurdin sorginkeria egiten zela erakusteko froga nagusi bezala.
Bisitari gehienak 1610ean inkisizio-prozesuaren inguruan sortu ziren istorioek eta kondairek erakarrita etortzen dira Zugarramurdira. Zugarramurdiren historiako gertaera izugarri horren jatorria herriko neska gazte baten ametsen kontakizunean dago. Gaztearen erranetan, hegan egin zuen, eta herriko hainbat pertsona Akelarreetan parte hartzen ikusi zituen.
Hasiera batean gertakaria herriko apezak konpondu zuen; honek akusatuei beren kontzientziak garbitzeko eskatu zien. Gerora, ordea, inkisizioak parte hartu zuen, segurki Urdazubiko Monasterioko abadeak deituta. Inkisidoreen parte hartzearen ondorioz, 53 herritar auzipetu zituzten, eta Logroñora eraman zituzten. Horietatik 6 Logroñorako bidean edo espetxeetan hil ziren. 1610eko martxoaren 6an, autofedea egin zen, eta hauxe izan zen ondorioa: atxilotuetatik 21i delitu txikiak leporatu zizkieten, 21ek barkamena jaso zuten, eta 11 sutara kondenatu zituzten (6 bizirik, eta 5en irudia, beren gorpuzkiekin batera). 1610eko martxoaren 7an erre zituzten.
Nafarroan, sorginen afera hau ez zen soilik Zugarramurdin izan. Dokumentuen arabera antzeko gertakariak izan ziren bertze 64 herritan bederen. Hala ere, 1610eko autofede hark Europan izan zuen oihartzunaren ondorioz, "Sorginen herria" deitu izan zaio Zugarramurdiri.
Zugarramurdin eta inguruetan XVII. mendean gertatutakoaren berri emateko asmoz, Nafarroako udalerri honek garai bateko ospitale zaharra berritu egin du. Ospitalea herriaren irteeran dago, leizeetarako bidean, eta bertan Zugarramurdiko Sorginen Museoa paratuko da.
2007ko uztailean inauguratu den museoak memoria historikoa iraunaraziko duen, eta garai hartako jendearen bizimodua nolakoa zen erakutsiko duen lekua izan nahi du. Garai hartako gizarte-egoeraren, sorginenganako benetako izuaren, eta bere agintea nola edo hala inposatu nahi zuen inkisizioaren biktima izan ziren pertsonei, gizon-emakumeei, eskainitako omenaldia izan nahi du. Dolu eta oroimenerako gunea izan nahi du, istorio interesgarriak zorrotz eta aldi berean atsegin eta modu erakargarrian kontatzeko gunea, bere testuinguruan, argi bereziekin eta obskurantismoz beterik. Sorginen inguruan gaur egun arte izan den folklorismoa hautsi asmo du. Bertzelako errealitatea landu nahi du, gertakari sinesgaitzez akusaturik izan ziren, fantasiazko kontakizunetan sartu zituzten, eta azkenik sutan erreak izan ziren gizon-emakume haien errealitatea.
Horren guztiaren gibelean, kondairez eta mitologiaz beteriko mundu zoragarri bat dago. Protagonista nagusiak Mari eta Aker ditugu, festez eta erritu paganoz, eta herri-medikuntzak zuen sustrai luzeez inguraturik.
Florencio Idoatek, Aita Barandiaranek, Julio Caro Barojak, Gustav Heninngsen, Jose Dueso, J. Paul Arzac eta Koro Irazokik, bertzeak bertze, egindako ikerketa-lanak oinarri izan dira bere ondarea babestea eta turismo-baliabideak lantzea bateratzen dituen proiektu honetan.
Herriaren sarreran, plazan berean, eliza eta Dutaria etxea daude, biak Dutaria familiak eraikiak. Leizeetarako bidean familia horren beraren bertze ondare bat dago: garai bateko ospitalearen eraikina.
Ibilbidean antzinako etxe ugari ikusten ahal dira; horien artean, duela 400 urte bertan bizi ziren "sorginen" etxeak.
Honako ibilbide hau proposatzen dugu:
Eskuaraz solasten gara, lapurteraz, Saran, Ainhoan eta Urdazubin bezalaxe.
Eskualdean ohikoenak bildoski errea, haratze-txuleta, onddoak eta garaian garaiko perretxikoak dira, baita ehizakiak eta ahatekiak ere. Postreetan, berriz, etxean egindako gasna eta gaztanbera.